ZUZENDARIA: LAIDA OTADUY
Laida Otaduy-k (Donostia, 1995) Francisco Escudero Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak Pianoko espezialitatean. Kantua ere bertan ikasi zuen aurrerago. Musika koralarekiko duen pasioak eraman du hainbat talde euskaldunetan abeslari bezala parte hartzera, eta baita Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako haur abesbatzak eta Donostiako Orfeoiko eskolaniak zuzentzera ere.
Musikenen, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian, Pedagogia musikala eta Zuzendaritza ikasi ditu, azken hau Gabriel Baltés, Arturo Tamayo eta Basilio Astulez maisuen eskutik.
Goi-mailako ikasketa horiek hastapen profesionalekin batera egin ditu: Leioa Kantika Korala, Vocalia Taldea ahots berdinen abesbatza, Musikeneko ikasleen korua eta Donostiako Orfeoia zuzenduz. Behin koru zuzendaritzan zentratzea erabakita, Igeldoko Lezkarri Abesbatza eta LUT Ahots Taldearen buru izan da eta, horretaz gain, Esteban Urzelai, Mikael Wedar eta Lorenzo Donati-ren eskutik espezializazio ikastaroak jaso ditu.
Gaur egun, Laida Otaduy Euskal Herriko Gazte Abesbatzako partaide eta Santa Cecilia Abesbatzako zuzendari da. Gainera, irakaskuntza mailan, ahotseko aditu bezala lan egiten du Errenteria Musikal Herri Arte Eskolan.